MundumiraEuskal Herria aldizkaria
Mundumira 2011
Elastiko solidarioa
Sarrera / Inicio Programa Editoriala Elkartasun kamiseta Euskal mendizale federazioa Mendian zehar BTT
Umeen gunea Irrien lagunak Munduko musika Kale animazioa Topagune solidarioa Bertatik bertara MUTelebista

MUtelebista



INTERNETEKO TELEBISTA KORPORATIBO HUTSA BAINO ZERBAIT GEHIAGO

2010eko iraila ezkero, Mondragon Unibertsitateak telebista korporatibo bat dauka sarean: MUtelebista. Dagoeneko 24 erreportaje kaleratu ditu, astean bat, eta gero eta ikusle gehiago ditu, ez baita ohiko telebista korporatiboa: jende gazteak egina da, informal ukitua du, entretenigarria da eta hiru hizkuntzatan zabaltzen da.


EZAUGARRIAK
Mondragon Unibertsitateak sortu zuen MUtelebista Interneten banatu eta ikus zedin. Asteazkenero, hiru minutu inguruko erreportaje bat kaleratzen du, neurri egokia sarerako, eta erreportaje hori txertatzen da unibertsitatearen webgunean, bertako portadan eta MUtelebistak duen txokoan, hiru hizkuntzatan. Horretan, MUtelebistak betetzen du Mondragon Unibertsitatearen hizkuntza politika. Horren arabera, telebistan euskara da hizkuntza nagusia, eta aurkezleak egiten dituen aurkezpenak eta iradokizunak euskaraz daude eginak. Hori gertatzen denean, eduki horiek azpititulatu egiten dira gaztelaniaz eta ingelesez. Baina norbaitek hitz egiten duenean hauetako hizkuntza batean, orduan azpitituluak beste hizkuntza bietan jartzen dira. Konturatu garenez, hizkuntza politika honek harrera oso ona izan du jendearen artean.
MUtelebistak hiru atal ditu, hirurak unibertsitatearen webgunean:
1. Emanaldiak. Horiek dira astero-astero argitaratzen dituen erreportajeak, hiru minutukoak.
2. Zuzenekoak. MUtelebistak zuzenean ematen ditu ekitaldi jakin batzuk: Literatura Astea, Komunikaldiak, ikasturtearen hasiera ofiziala, etab., eta hori egiten du streaming teknologia erabilita.
3. Artxiboa. Oraingoz hortxe daude streaming bidez egindako emanaldiak, gerora ikusi nahi dituenentzat.


LAN TALDEA
Aurkezlea aipatu dugu gorago. Bekadun batek egiten ditu aurkezle lanak MUtelebistan. Aurten, Itziar Irizar, Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleak. Ikasturte honetan, bera da Mondragon Unibertsitatearen aurpegia bertako telebista korporatiboan. Aurkeztu ez ezik, editatzen ere laguntzen du Itziarrek, eta horretan talde egiten du Idurre Lazkanorekin, MUtelebistako arduradun teknikoarekin. Biak arduratzen dira telebistaren eguneroko dinamikaz. Hala ere, MUtelebistak Erredakzio batzorde bat dauka gaiak proposatu eta telebistaren ibilia antolatzeko. Bertan daude: Idoia Peņakoba eta Susana Azpilikueta (Errektoretza), Amaia Aizpuru (Enpresagintza), Marian Iņurritegi (Goi Eskola Politeknikoa) eta Joxe Aranzabal (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea). Eta taldea koordinatzen, Idoia Astigarraga eta Aitor Arregi.


EMAITZAK
MUtelebistak gero eta ikusle gehiago ditu. Ikusi dugunez, ikasleak erreportajeetako protagonista direnean, audientziak igo egiten dira. Ikasleek zein langileek, biek aitortzen dute telebistak lagundu egiten diela unibertsitatea hobeto ezagutzen, bertan dabilen jendea, lekuak, helburuak, programak... Sare sozialak erabiltzen ditugunez MUtelebista ahalik eta gehien zabaltzeko, noiz edo behin ezusteko atseginak hartzen ditugu, adibidez, Twitteren ikusi genuenean Aberystwhth-eko Unibertsitateko jendea, Galesen, retuiteatzen ari zela Alecop ikasle kooperatibaren gaineko erreportajea, MUtelebistak egindakoa. Esperientzia bizia, polita izaten ari da MUtb. Astez-aste proiektua indartzen doala igartzen dugu eta bide horri eusteko gogoa du lan taldeak. Ea ba.


ELGETA - DEBAGOIENA (GIPUZKOA) - Maiatzak 27, 28, 29