|
||||||||||||||
|
||||||||||||||
IRRIEN LAGUNAK: irria, kolorea eta heziketa
AZAROAN EKIN ZION BIDEARI IRRIEN LAGUNAK KLUBAK. PIRRITXEK BIKIAK IZAN ZITUEN ORDUAN, PUPU ETA LORE, ETA ORDUDANIK PAILAZOAK JAIO BERRIEN HEZKUNTZAZ ERE ARDURATZEN DIRA. IRRIA ALDIZKARIA, irrienlagunak.com WEBGUNEA, BERTAKO IRRIA TELEBISTA ETA MUNDUMIRAN BERTAN EZAGUTU DAITEKEEN IRRIEN LAGUNAK KLUBAREN GUNEA DIRA HORRETARAKO DITUZTEN BITARTEKOETAKO BATZUK. ZER DA IRRIEN LAGUNAK KLUBA?
KATXIPORRETA pailazo taldeak, BERRIA egunkariak eta ELKAR taldeak sortu
duten kluba da Irrien Lagunak, Pupu eta Lore guztion artean hezteko eta
pailazoei laguntzeko. Ikuspegi hezitzailea du, beraz.
· Pupu eta Loreri, eta hauekin batera Euskal Herriko guztiei, koloretako
mundua eraikitzen lagundu nahi die klubak, hainbat balore sustatuz, beti ere
euskara eta irria oinarri hartuta.
· Irrien Lagunak Klubak helburu argi bat du: haurrei eta hauen hezkuntza
prozesuan bidelagun diren norbanako eta kolektibo guztiei zuzendutako
komunikazio proiektu sendoa sortzea, euskaraz. Haurrak izango dira klubaren
ardatza, baina gurasoak, hezitzaileak eta gizarte eragileak ahaztu gabe, gure
haurren hezkuntzaren ardura gizarte osoarena delakoan baikaude.
ZER SUSTATZEN DU IRRIEN LAGUNAK KLUBAK?
Euskal Herrian pentsaera, kolore eta kultura ezberdinetako jendea bizi
denez, aniztasuna balore bezala aldarrikatu nahi du klubak, besteak ezagutuz
eta maitatuz gero aniztasuna aberatsa baita beti.
· Euskara: euskaratik eta euskaraz, euskal kulturako esparruak ezagutarazten
dizkie haurrei.
· Bizikidetzari buruzko kultura berritzailea sortzen laguntzen du, errespetuan
eta elkarrizketan oinarrituta, oinarrizko baloreak sustatuz: berdintasuna,
errespetua, elkarrizketa, parekidetasuna, elkartasuna, eta askatasuna.
· Ekologia: natura babestea, iraunkortasuna bermatzea, baliabideak zentzumenez
erabiltzea, eta kolore guztien artean berdea zein ederra eta garrantzitsua
den erakusten du.
BITARTEKOAK
irrienlagunak.com webgunea da klubaren erakusleiho nabarmenena.
Aldizkariarekin batera, proiektuaren euskarri garrantzitsuenetakoa da.
Haurraren, gurasoen, eskolaren eta klubaren arteko eguneroko harremana
bermatzea du helburu eta klubaren ardatza da, nolabait. Parte hartzeko,
izena eman baino ez da egin behar, gurasoen laguntzarekin. Doan,
noski. Behin webgunean izena emanda, klubeko kide bihurtzen da haurra.
Garatzen hasi besterik egin ez diren hainbat atal ditu webguneak:
irria telebista, pertsonaiak, aldizkaria, zer egin, agenda, zorion agurrak,
kide bakoitzaren txokoa eta askoz gehiago. Irria telebistan, esaterako,
hilabetean zehar hainbat bideo ikus daitezke: hilabeteroko
bideo nagusia, pertsonaiekin eta hauei dagozkien
gaiekin lotutako probak, erreportajeak, eta abar. Azken
batean, klubeko pertsonaiak eta bakoitzak sustatzen
dituen baloreak gizarteratzeko bitarteko garrantzitsua
izan nahi du webguneak.
Irria aldizkaria: hilean behin argitaratzen da, eta 48
orrialde ditu. Klubeko pertsonaien abenturak, haurrentzako
jokoak, bertsolaritzarekin lotutako kontuak, denbora pasak
eta beste hainbat atal ditu, guztiak ere puntako idazleen,
marrazkilarien eta bertsolarien lanekin osatuak: besteak
beste, Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia,
Pako Aristi, Amets Arzallus, Julen Tokero edo Jose Angel
Lopetegi dira ohiko kolaboratzaileetako batzuk.
Irrien Lagunak Klubaren gunea: egun osoko jaialdietan, herrietako festetan,
euskararen edota ikastolen aldeko jaietan eta antzekoetan klubaren baloreak sustatzeko
sortutako gune berria da. Pailazoen irudiekin egindako puzgarri handi eta
berriak izango ditu, haurren gozamenerako, baina baita tailer hezitzaileak ere, jolasarekin
batera hainbat balore gizarteratzeko: kirola gurpildun aulkietan, itsuentzako
zirkuitoa, birziklatzen ikasteko jolasak eta antzekoak. Gunearen egitarauaren baitan,
klubeko pertsonaiak ere izango dira, musika emanaldiekin eta pailazoen saioekin
batera, guztia haur eta gazteekin esperientzia duten dinamizatzaileen begiradapean.
|
||||||||||||||
ELGETA -
DEBAGOIENA
(GIPUZKOA) - Maiatzak 27, 28, 29
|