|
||||||||||||
|
||||||||||||
MENDIZ-MENDI
"Gipuzkoa: mendiz mendi, mendez mende" liburuaren aurkezpena
NOIZ: Larunbata, maiatzak 29
NON: Mundumira azokan, Antzuolan, Olaran etxean ORDUA: Eguerdiko 13:30etan Gipuzkoa: mendiz mendi, mendez mende liburuak natura eta gizakiaren arteko elkarbizitzaren ikuspegitik aztertzen du ondare naturala. 'Paisajes culturales, naturaleza con historia' du azpititulua eta ondo laburtzen du liburuaren edukia. Gaur egun ezagutzen dugun natura milaka urteetako elkarbizitzaren emaitza da; gizakiak bere txikitasunean, marka utzi du gaur egungo natur ondarean.
Bost egilek egin dute liburua: Asier Arresek 'Gipuzkoa: mendiz mendi, mendez mende' atala, liburuaren sarrera egiten duena; Jose Antonio Mugikak 'Gure mendien kolonizazioaren lehen zantzuak' atala; Luis Mari Zalduak 'Saroiak eta kortak: abeltzaintza-sareko lotuneak'; Alvaro Aragonek 'Gipuzkoako basoak: behar-beharrezko ondarea mendez mende' atala; eta azkenik, Enrique Ayerbek 'Gure paisaia ikusi, ezagutu eta sentitu' atala. Horietako batzuk (seguru, Luis Mari Zaldua eta Alvaro Aragon) Antzuolan izango dira, norberak liburuan egindako ekarpena zabalago azaltzen, baina baita ere, Mendiz Mendi Mendez Mende proiektuaren mezu orokorra zabaltzen: gizakia eta naturaren arteko elkarbizitzatik sortutako ondarea ezagutu eta zaintzeko premia.
Mendiz Mendi Mendez Mende egitasmoa Gipuzkoako natura herritarrengana hurbiltzeko helburua duen proiektua da. Gipuzkoako Aldundia eta Kutxa elkarlanean jorratzen ari diren proiektua da.
GIPUZKOA: MENDIZ MENDI, MENDEZ MENDE
Azken hamarkadotan naturarekiko jakin-mina handitu egin da
gure gizartean eta, horrekin batera, hura babesteko joerak
nabarmen indartu dira herritar askoren artean. Izan ere, bizitzaren
edozein esparrutan, ezagutzen duguna estimatzen dugu, eta estimatzen
duguna babesten. MENDIZ MENDI, MENDEZ MENDE
Izan ere, Gipuzkoa lurralde menditsua da (mendiz mendi). Gizakia Historiaurretik
bizi izan da Gipuzkoako erliebeetan (mendez mende) eta, ondorioz, erliebe horiek
giza aztarnez beteta daude (begiratu batean ikus daitezke paisaian), bizitzaz
betetako iraganaren isla dira. Edozein bazter natural historiaz beteta dago, eta
historia hori ezagutu beharra dago gure lurraldearen oraina interpretatzeko
eta, azken batean, gure lurraldeaz gozatzeko.
Naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko erlazio horrek denborarekin errealitate fisiko konplexuak eta antropizatuak sortzen dituenean, Paisaia Kulturalak direla esaten dugu. Gipuzkoako lurraldea, gizakiak hainbat milurtekotan taxututako mendi-erliebeak direla-eta, Paisaia Kultural bat zer den adierazten duen adibide garbi-garbia da. Gure paisaia kulturalak bizirik daude, esate baterako, Gipuzkoako Partzuergoetan eta Enirio-Aralarko Mankomunitatean, modernotasunera eta bizimodu modernoen eskakizunetara egokituta dagoen abeltzaintzari esker, baina oraindik bere ondare etnografikoari eutsiz. Ildo horretan, ez da ahaztu behar abeltzaintza-lanaren balio ekonomikoak (gaur egun gazta-produkzioan oinarrituta dagoenak) mendiko larreak kontserbatuko direla bermatzen duela. Gizakiak ingurunean izan duen esku-hartzeak utzitako beste altxor bat nazioartean lehen mailako ondare natural eta kulturaltzat hartutako zuhaitz lepatuak dira. Gaur egun zuhaitzik lepatzen ez bada ere, zuhaizti lepatu garrantzitsuak geratzen dira Gipuzkoa osoan barreiatuta. Horri esker, “fosil etnografiko bizi” horiek abeltzaintza eta basogintza bateragarri egin zituen teknika baten lekukotasuna eskaintzen dute. Izan ere, teknika horren bidez, abeltzainek eta ikazkinek ekonomiagune eta langune bera erabili zuten. Batzuk zein besteak, abeltzainak zein zuhaitz lepatuak, historiaz hornitutako gure naturaren ikonoak dira. ERAKUNDEEN KONPROMISOA
Eta horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko
Zuzendaritza Nagusiaren jardunean funtsezkoa den alderdi batera
iritsi gara: gune naturalek erabilera eta gozamen publikoko eremu gisa
duten garrantzia. Gizarte modernoan, herritarrek naturarekin kontaktuan
egiten dituzten aisia-jardueretarako zerbitzua ematea funtzio
publiko berri bihurtu da, aurrekoei (hots, babesari, produkzioari eta biodibertsitateari) gaineratu zaiena. Hain urbanizatuta eta globalizatuta dagoen gizarte honetan, ekologiari eta paisaiei dagokienez iraunkorra den ingurune natural bat benetako birika oxigenatzailea da, bai alderdi fisikoari, bai, nolabait esatearren, alderdi psikologikoari dagokionez, eta horrek guztiak bizi-kalitate hobea dakar. 21. mendearen hasieran, Gipuzkoako ingurune ez-hiritarrean gauzatu da gure lurraldeko ondare kultural, ekonomiko eta sozial guztia. Bertan, balio hautemangarrien zein hautemanezinen erreserba bat dugu. Ezagutzeko eta gozatzeko, geure burua eta gu geu —kolektibo gisa— aurkitzeko guneak dira. Garbi dagoena da Gipuzkoako kultur paisaia horiek ezagutzen ditugun neurrian estimatu egingo ditugula, oso baitira ederrak, anitzak eta aberatsak. Eta estimatu ahala indartu egingo da gugan haiek babesteko joera. Mendiz mendi eta mendez mende ibilita, Gipuzkoak aurrera sendo jarrai dezan nahiko dugu. Eta horretarako neurri zehatz eta eraginkorrak behar dira, neurriko neurriak. Lehenik eta behin, erakundeek, hala publikoek nola pribatuek, erantzukizunagatik eta zerbitzu publiko gisa jokatzeko borondateagatik, herritarren arreta erakarri behar dute, eta herritarrei gure lurralde-errealitatearen espazio-ikuspegia (mendiz mendi) zein denbora-ikuspegia (mendez mende) eskaini behar diete. Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak iaz sinaturiko hitzarmenak aparteko garrantzia du, are gehiago, azken boladan bezala, une zailak direnean. Gipuzkoarekiko ardura aspaldikoak eta handiak dituzten erakundeak dira biak. Bi erakundeek Gipuzkoako historia duen natura edonoren eskura jarri nahi dute. Kaletik mendirako bidea erraztuta gure ezagutza orekatu dadin, garena eta duguna gehiago estimatu ditzagun, gure ondare diren natura eta nortasuna babestuta Gipuzkoa sendotzen ari den ustekizunarekin. Horretarako asmo handiko egitaraua garatzen ari da: askotariko argitalpenak (liburuak, topogidak), Interneteko baliabideak, parketxeen sarea, pasealeku egokituak, itsasertzeko bidexka, ibilbideak, hitzaldiak eta mahai-inguruak, erakusketa ibiltariak… GIPUZKOAKO PARKETXE SAREA
Ekimen horietatik guztietatik, labur beharrez, bat hartuko dugu ahotan
hemen: Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa. Irabazi asmorik gabe eratutako
erakundea da eta sortzaileen borondatez, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren,
Kutxa-ren eta Aia, Ataun, Oiartzun zein Oñatiko udalen nahimenez, bere jarduna,
modu iraunkorrean, interes orokorreko helburuetara xedatuko du.
Fundazioaren helburu nagusia da Gipuzkoako Parketxeen kudeaketa integratua
egitea, baina, eginkizun zabal horren barnean, jarduera garrantzitsu
eta berehalakoenak honako hauek dira:
• Gipuzkoako Parketxeen Sarea sortzea, sustatzea eta zabaltzea, irizpide homogeneoetan oinarrituta kudeatzeko. • Gipuzkoako Parketxeen Sarearen kudeaketa integratuaz eta dinamizazioaz arduratzea. • Parketxeen Sarearen bitartez, ingurmen heziketa, natura ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko errespetuzko balioak sustatzea herritarren artean, oro har, nahiz gipuzkoarren artean bereziki. • Parketxeen Sarearen bitartez naturarekin lotutako aisia-jarduerak eta natura ingurunearekin bat eginda gauzatzen diren hezkuntza-jarduerak sustatu eta bultzatzea. • Gipuzkoako parke naturalen egoera eta beharrak ezagutzeko eta irakaspen baliagarriak lortzeko balio duten ikerketa proiektuak egitea. • S ektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatzea, aurrez aipatu baloreak sustatzeko. Fundazioaren egoitza Aldundiko jauregia da, baina bulegoak Hernanin daude, Ibaiondo poligonoan. Fundazioa izanik, erakundearen gobernu, administrazio eta ordezkaritza organo gorena Patronatua da. Sei erakunde sortzaileek dituzte ordezkariak bertan eta Presidentea Rafael Uribarren Axpe da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Diputatua. Ildo horretan, zilegi bekigu oroitzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007-2011 Kudeaketa Planak, helburuen artean, Foru Aldundiaren, udalen eta gizarte eragileen artean mendi eta parke naturalak kudeatzeko lidergo partekatuaren eredua sustatzea biltzen duela. Xede hori betetzeko asmoarekin, 2009. urtean Gipuzkoako Parketxe Sarea eratu zen. Izan ere, Gipuzkoako Natur Parkeek eta hango Parketxeek irudia zatikatua dute gipuzkoar askoren begien aurrean. Neurri batean ez da harritzeko, Parkeak eta Parketxeak Probintziako periferian daudelako, nahiko sakabanatuta. Zentzu horretan, Donostiako Kutxaguneak Natur Parkeak eta Parketxeak Gipuzkoaren erdigunean kokatzeko aukera eskaintzen digu; hiriko gipuzkoarrak paisaia kulturaletara hurbiltzeko abiapuntu ezin hobea. Erronka handi bezain erakargarria du esku artean, beraz, Gipuzkoako Parketxe Sareak. Sentsibilizazio-eta ezagutza-tresna gisa, gure lurraldea balioan jartzeko baliabide gisa jaio den erakundea da. Hitz bitan, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa etxetik irteteko, bideetan eta mendietan zehar paseatzeko eta mendiei beste begi batzuekin, arretaz eta asmo berriekin begiratzen laguntzeko sortu da. Azken batean, herritarrei paisaia kulturalen gozamena errazteko. Laburbilduz, paisaia kulturalak Gipuzkoako gizartearen identitatearen adierazpen nagusietakoak dira, baita gure lurraldeak Kultura Unibertsalari egindako ekarpen historikoaren adierazgarririk garrantzitsuenak ere. Ondare hori gipuzkoar guztiona da eta gure esku dago horrekin ongi pasa eta gizaki bezala aberastea. Hala biz. |
||||||||||||
ANTZUOLA
- DEBAGOIENA
(GIPUZKOA) - Maiatzak 29, 30 Tel: 902 18 14 71 e-mail: info@mundumirafesta.com |