Biolur Gipuzkoa, 1993an, nekazaritza ekologikoaren alde lan egiteko sortu
zen elkartea da. Gure helburu nagusia nekazaritza ekologikoa sustatzea
da, Gipuzkoako lur eta baserriek etorkizun duin bat izan dezaten eta,
naturaren erritmoak jarraituz, osasuntsuak diren elikagaiak ekoitzi daitezen.
Zer eskaintzen du nekazaritza ekologikoak ?
Biolurrek, Nekazaritza Ekologikoa, bertako nekazaritzaren biziraupenerako oinarrizko
eredutzat izateaz gain—nekazaritza dagoen egoeran ekoizle ekologiko kopurua igo
dela ikusi besterik ez dago—eredu honek, lurraren
emankortasuna zaintzen du, naturaren lege eta
erritmoak errespetatuz. Baina ez hau bakarrik,
emankortasun hau hobetzen ere saiatzen baita
horretarako egokiak diren teknikak erabiliz: ongarri
berdeak, txandatzeak, eta abar. Gainera, inguruarentzat
kutsatzaileak diren aktibitateak ekiditen
ditu aldaketa klimatikoari eusten lagunduz, eta
naturak berezkoa duen bioaniztasuna zaintzen du
bertako barietate eta arrazei garrantzia emanez eta genetikoki eraldaturiko
organismoak baztertuz. Abereen ongizatea ere bermatzen du maneiu
egokien bidez, gaixotasunen prebentzioa izanik oinarritzat eta hormona
eta antibiotikoak ekidinez. Beraz, Biolurreko kideon artean guzti hau bermatzen
saiatzen gara, kalitatezko elikagai osasungarriak izanez emaitza.
Zer eskaintzen du Biolurrek?
✮ Informazio Orokorra:
Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoari buruzko informazioa eskaintzen
dugu, ekoizle, kontsumitzaile eta interesa duen ororentzat.
Aholkularitza teknikoa:
Ekoizleak interesaturik dauden edo zalantzak pizten dizkien gaietan aholkularitza
eskaintzen da, lan talde mailan zein partikular Ondorengoak dira elkarteak martxan dituen lan taldeak eta bertan lantzen
diren gaiak:
• Baratzezainak: lan tekniko desberdinak jorratzen dihardugu, hala nola,
barazki barietate desberdinak probatu, hazi eta landare ongarri ekologikoak
eskuragarri jarri, ekologikoan erabiltzen diren teknikak garatu,
landareen osasunerako produktu naturalak lortu, besteak beste.
• Frutazainak: fruta ekologikoa baserri gehienetan ekoizpen osagarri bat
bada ere, gero eta gehiago dira ekologikoan dabiltzanak eta frutazainen
beharrizanei erantzun emateko taldea antolatu berri dugu elkartean
• Okinak: baserriko ogi ekologikoa egiten dugun okinek talde honen bitartez
ogia egiteko beharrezko alearen erosketa bateratua antolatzen dugu, ahalik
eta gertueneko nekazariekin lotura zuzenak landuz, ogiaren kalitatea jorratuz.
• Abeltzainak: ekologikoan aritzeko ekoizpen sistemak hobetzeko lantaldean
eta baita ekoizpen hauei irtenbide emateko estruktura mankomunak
martxan jartzen.
✮ Azpiegitura komunak:
Ekoizpen ekologikoak azpiegitura espezifikoak behar ditu eta Biolurretik azpiegitura
hauek sortzeko erraztasunak eskaintzen zaizkie ekoizleei, indibidualki
zein kolektiboki.
✮ Kontsumitzaileentzat informazioa:
Bazkide diren kontsumitzaileei, produktu ekologikoak errazago lortu ahal izateko
informazioa eskaintzen zaizkie, ekoizle-kontsumitzaile harremanak sustatuz.
✮ Tokiko ekonomia, bidezkoa eta soziala:
Gipuzkoaren orografiaren ezaugarriak direla eta, malda handiak eta lur eskasia
kontutan hartu beharreko errealitatea dira. Hau dela eta, ekoizpen eta
instalakuntza txikiak ditugu bertan, eta marko honen barruan, ekoizten den
elikagaiari balore erantsia gehitzeak eta ahalik eta hurbilen komertzializatzeak
soilik egiten dio mesede ekonomia honi. Biolurrek, era honetako komertzializazio
kanal ezberdinetara iritsi eta garatzeko lan egiten du, eskoletako jantoki
ekologikoei buruzko proiektuak aurrera eramanez, adibidez.
EKOLAPIKOA MUNDUMIRAN
Ekolapiko Elikadura ekologiko eta orekatu baten aldeko proiektua
da, bertako produktu ekologikoen erabileran oinarritua. 2006ko
abenduaz geroztik dihardu Biolurrek proiektu hau lantzen
Donostiako Udalarekin eta Cristina Enea fundazioarekin batera,
bertako hiru Udal Haur Eskoletan martxan jarriz. Poliki-poliki,
Behemendi Landa Garapeneko Elkarteak bultzaturik Donostialdeko
beste haur eskola batzuetara hedatzen joan da,
Oiartzungo Haurtzaro kasu. Gaur egun Kutxak ere babesten
du Ekolapikoren hedapena.
Ekolapiko proiektu borobila da eta bere garrantzia duen pluraltasunean
dago, elikadura oinarri harturik, ondorengo arloetan
eragiten duelako: osasunean, landa garapenean eta
ingurumenean. Azken finean batak bestearengan eragiten
du: batetik, nekazaritza ekologikoaren praktikak
ingurumena zaintzen du, bionaiztasuna bermatu, kutsadura ekidin; bestetik,
bertatik lortzen diren elikagaiak garbi eta bizitasun handikoak dira garapen prozesuan dauden haurrentzat, eta zer esanik ez elikadura orekatuaren oinarriak
txertatuz eta garaian garaiko produktuak kontsumituz; eta azkenik, nekazari
ekologikoak biltzea ahalbidetzen duen proiektua izanik, nekazaritzaren
garapena, antolaketa eta salmenta bide motz eta berri
baten irekiera bermatzen du, bertako eta garaiko elikagai
ekologikoak bertako ikastetxeetara bideratzen direlako.
Mundumiran baina, Ekolapiko era praktiko batetan nola gauzatzen
den ikusi ahal izango duzue: Biolurreko postuan bertako
ekoizle ekologikoen elikagaiak egongo dira eskuragarri, barazki,
gazta, edari, eta abarrekin; baina ez hori bakarrik, larunbat eguerdian,
produktu hauekin batera, Ekolapikoa duten eskoletako
menu aukera bat eskainiko dugu Sabrina Pato Ekolapikoko
Elikadura Hezitzailearekin. Asteburuan zehar
elikagai ekologikoak erosi, dastatu eta hauei buruzko
informazioa jaso ahal izango duzue bertan, eta larunbat
eguerdian, Sabrinaren aldetik haurren elikadurari buruzko aholkularitza jaso.